Senegal
Afrikako mendebaldeko deltak
eta hondartzak
Antzinatik izan da Senegal Afrikan sartzeko ate nagusietako bat: islamak, batetik, eta europar kolonizatzaileek, bestetik, Senegalgo ibaiak erabili zituzten kontinentean barrena sartzeko bide nagusi legez. Horrek izaera berezia eman dio herrialde honi eta gaur egun ere esan daiteke Senegal dela Afrika kontinentearen egunerokotasun anitz eta aldakorrera hurbiltzeko ate nagusia.
Senegalgo kostaldea zeharkatzeko aukera: hondartzak, baso tropikala, Sahel eskualde lehorra, eta estuario handiak, eta tartean kutsu kolonialeko hiri nagusietako batzuk. Senegal herrialdeko nortasun handieneko eskualde bi bisitatuko ditugu: hegoaldeko Casamance izenekoa, uharte eta mangladi arteko paisaia zoragarriaren erdian diola etniaren animismoa ageri dela, eta bestetik, iparraldean, Saint-Louis arrantzale herria eta Djoudj P.N.ko txori eta hegaztien aberastasuna.
• Saint-Louiseko arrantzaleen auzoak • Djoudj Parke Nazionala: neguan hiru milioi hegaztitik gora bildu ohi dira paradisu horretan, mundu mailako hegaztien babesleku handienetako bat • Diola etniaren kultura Casamancen: animismoa, fetitxeak eta baso sakratuak • Piraguetan Carabane uhartean • Goree uharteko kutsu kolonialeko etxetxoak, garai bateko esklabo-merkataritzako gune nagusia izandakoa.
Dakarrerainoko hegaldia. Ibilbide guztian autobus pribatu txiki bat izango dugu garraiobide, baina Ziguinchor eta Dakar arteko tartea txalupaz egingo dugu eta, horrez gain, piraguan ibiltzeko eta oinez egiteko aukerak izango ditugu. Hotel erosoetan egingo dugu lo. Banoako gidaria.