Kamerun
Mendebaldeko Ring Road errepidean zehar
Kamerungo mendikatea Gineako golkoaren ondoan dago eta hainbat mendigune biltzen ditu, Txad lakutik gertu dauden Mandara mendietaraino. Sumendi-kate honen mendebalde-mendebaldean dagoen tarteari Bamendako Grassfields izena ezarri zitzaion.
Grassfields horretan barrena doan 367 km-ko ibilbide zirkularra da Ring Road errepidea. Edertasun handiko errepidea da, mendi tartean doana: lakuak, ur-jauziak, haranak, sumendiak...
Horrez gain Grassfields Afrikako kultur aniztasunaren erakusgarri ere bada, bizi-bizia, gainera. Hainbat etnia bizi dira leku horretan: bamileké, fulani, bamún, banso, tikar... etniak.
Egungo Kamerungo ikuspegi interesgarria, XXI. mendearen eta Afrikako antzinako ohituren artekoa, eta baso arteko paisaia ederrak ikusteko aukera ematen digu proposamen honek, eta bidaiaren amaieran Kamerun mendiaren (4.095 m) magaletako hondartzetan lasaitzeko parada.
• Bandjoungo chefferie deritzona, bamileke etniaren arkitektura tradizionalaren adibide nagusia • Laku. sumendi eta te-plantazioen edertasun ikaragarria, Ring Roaden ertzetan • Fon de Bafut-eko jauregia, Grasslandseko tikar etnia dinastia zaharrenetako eta boteretsuenetakoaren eraikina • Limbe, hondar beltzeko hondartzak, Kamerun mendiaren azpian • Bamun etniaren Foumbango artisauen azoka.
Doualarainoko hegaldia. Lur mota guztietako ibilgailuak erabiliko ditugu Ring Roadeko 3 eguneko ibilbidean, eta oinarrizko ostatua, aterpetxe motakoak. Gainerakoan, autobus txiki bat taldearentzat, gaua maila ezberdinetako hoteletan emanez. Kamerungo ostatuetako mantenimendua eta zerbitzua ez dira oso maila onekoak. Ingurua oso euritsua da eta bideak udaberri aldean –eguraldi lehorraren sasoian– erosoagoak izaten dira. Banoako gidaria.